2014-11-29

4 URTETIK GORA, BUELTAN DURANGORA

Egu berri on, kHerauzale!
Akorduan lau gau magiko baino ez badirudite ere, aurtongo Durangoko Azokan lau urte trinko beteko ditugu gure debutaren oholtza berberaren gainean. Lau urte gutxi edo asko izan litezke norberaren irudipenetik, baina kherautarrontzat intentsidade ezin handiagoko ibilbide izan dira, maila musikalean zalantza barik, baina baita maila pertsonalean ere. Mila bizipen eta abentura izan ditugu, jendaurreko emanaldietan zein entsegu-gela barruko bakardadean, errepideko txangoetan zein zenbait estudiotan burututako proiektuetan, eta noski, ezin bazter utzi hainbat ekimen sozial eta elkarretaratze Kherauren aitxakiapean: Artaun, Anzo, Belako edo Barakaldoko antzokian, berbarako. Familia handi bat osatu dugu, musikari, teknikari, senide, lagun eta zaleez josia; eta hor ditugu arnasa eta kuraia aurrera egiteko.
2010eko abendu hartan irten ginen estreinakoz mundura ortozik, eta egun, aukhera garbia dugu esan ahal izateko ibiltzen ikasi dugula. Edozelan ere, ibilera horretan, zu entzule, izan zaitugu makulu eta helduleku; momentu oro, batez ere lokatzetan lau hankatan ibili garenetan, beren-beregizko estimu eta adorea eman dizkiguzulako, beraz, har ezazu esker oneko aupada bero bat gure partetik, eta datorren hilaren 7an, domekaz, azokatik ibiltzea suertatzen bazaizu, jakin ordu erdiko saioa eskainiko dugula Ahotsenean goizeko 11:00etan gure akabuko lana sustatze aldera.
Espero dezagun lau urterik behin izatea zer eskaini; bitartean, dozenaka eskualde eta ehundaka euskal herri ditugu bisitatzeke, eta zuok gura izanez gero, jarraituko dugu gure bidean, euskarazko akordeak zahar-berritzen eta sarea handitzen.
Ibili bizkor!