2012-01-05

Kherauren Musikola / Kantak eginez: All Iron (II)

Aipatu dugunez, Trianoko meatzarien istorioa kontatu behar zen kanta baten bidez, baina ez zen erraza izan: gauza asko geneuzkan kontatzeko eta transmititzeko. Prozesu konplikatua izan arren emaitza sinplea eta belarriari ulerterreza izan behar zitzaion.

Zergatik jota bat?

  • Lehenengo eta behin jadanik Ikerrek konposatu zuen Lehengo Jotie, eta jota horri lotu nahi genion, aurretik, All Iron. Berez, jota bat izan behar zen.
  • Horretaz gain, Euskal Herritik kanpotik etorritakoak izaten ziren meatzariak. Gaztelatik etorri ziren batez ere, eta jota Iberiar Penintsulatik erritmo oso hedatua denez, primerakoa zen haien jatorria azaltzeko.
  • Horrela, bertoko jota baina gaztelako kutsu batekin.

Koplak

  • Kantak 5 kopla ditu, bakoitzak 5 lerro eta 5 puntukoa, neurria 8/8/8/8/7 izanez. Azken kopla horretan, oinaren azentuazioa aldatzen da (paroxitonoa aurrekoetan eta oxitonoa honetan), erritmoa sinkopatzen, “iberiar” ikutu hori lortzeko eta oina nota luze batekin erosoago luzatzeko.
 All Iron (Musika eta letra : Ibon Ordóñez)



Arroken kontra burdina, 
beharraren kriskitina 
Odolaren krabelina 
kolpez kolperik egina 
Barreneroen mina 

Kolpez kolperik taupada 
gure amorruaren islada: 
Betetzeko ba koilara
burdina atara eta atara 
Hau da gure balada 

Meatzaren jabe zorrotza 
dirudun denez: arrotza 
Pobreari: belarri-motza 
Maketoari: esklabotza 
Hau da gure dunbotsa 

Jornala lortuz astero; 
ugazabaren obrero 
kantinan gastatuz gero; 
ugazabaren bezero 
hau da gure dantza ero 

Hauxe da despedidia
gure penen zergaitia 
matxinada basatia 
zarataren olerkia 
gure lehenengo jotia

Musika eta letraren arteko beste erreferentziak

  • Errekurtso estetiko bezala, matxinatzeko gogoak kontatzen dizkigun abestia haien protagoniztentzat borroka dantza edo amorru kanta balitz isladatu nahi zen. Horretarako, musika eta kopla bakoitzaren azken lerroetan, musikarekin, soinuarekin edo dantzarekin zerikusia daukan hitzaren bat erabiltzen da: balada, dunbotsa, dantza ero, zarataren olerkia, lehenego jotia.

Kantaren doinua
  • Atzetik aurrera idatzi zen All-iron, Lehenego Jotia-ren aurretik joan behar zelako sarrera bezala. Horrela izanda, eta Lehenengo Jotia Am (La menor) dagoenez, tono bat beherago, hau da Gm (Sol menor), egon behar zen All Iron, amaitzen zenean eta Lehenengo Jotiari sarrera emateko eta indar-hartze crescendo horretan eusteko.
  • Bozaren melodiak albokaren eskala antzeratzen du, nahiz eta Gm tonoan, tono honen lehenengo 6 notak erabiliz, euskal musikaren irudia lortzeko. Hala ere, ahotsen koroak eta armonizazioaren jokoak aldatzen dituzte tono hau batzuetan, nolabait monotonia apurtzeko.

Abesteko era

  • Kopla bakoitzeko lehenengo 4 lerrotan silabikoa da, bertsolaritzan oinarrituta. Aldiz, 5. lerroan, 7 silabakoa, melismatismoa sartzen da azken oinaren  luzapenean.
  • Luzapena eta ahotsaren modulazioak inportanteak dira, meatzarien amorru-garrasiak irudikatzen baitute, eta berriro, melismatismoa laguntzen du gaztelako musikari erreferentzia egiteko.

Kantaren eboluzioa eta instrumentazioari buruz

  • Matxinada bati buruz hitz egiten ari denez, interesantea zen musika tresnek egoera hori deskribatzea. Horretarako, kanta perkusioan oinarritua dago. Perkusio horren gainean ahotsek kontatzen digute historia haien protagonisten ikuspuntu zuzenetik.
  • Lehenengo eta behin burdinen hotsak azaltzen digu meategian gaudela. Pixkanaka batera hasten dira jotzen burdinak, bateratasuna lortzen ari direlako meatzariak eta matxinada hedatzen doa.
  • Baxuak, nota sinpleekin azaltzen du lanaren monotonía.
  • Perkusio tresnak hasten dira sartzen kopla bakoitzaren ostean. Lehenengo kopla eta bigarren ostean sartzen dira panderoak, letrak azaltzen duen legez, harri-zulatzaileen "lanaren kriskitina".
  • Era berean, djenbeek eta bodhrán-ek bigarren koplak aipatzen dituen “kolpez kolperik taupadak” adierazten dituzte, kopla honen ostean.
  • Hirugarren koplan beste ahots bat sartzen da... jada ez da meatzari bakarra bere ahotsa altxatzen duena.
  • Tarte instrumentalak garatzen du ahotsaren melodia whistlearekin, irudi malenkoniatsu lortzeko. Burdinak desagertzen dira, baita baxuaren monotonia ere. Meatzariek utzi diote lan egiteari.
  • Azken kopletan, 4.ean eta 5.ean, ahots gehiago batzen dira, gero eta ozenago abesten, amorrua irudikatzeko, musika indartsuago doa, baita baxu linea konplexuago, crescendoa lortzeko.
  • Azken lerroak “gure lehenengo jotia” aipatzen du, entzungo den Lehenengo jotiaren kantuari sarrera emanez.
  • Lehenengo jotia amaitzen denean, 4 konpas ostean burdinak eta perkusioak hasten dira berriro entzuten, borrokaren jarraipena irudikatzeko. 


Berez, erronka moduan sortu zen kanta bat deskribatu dizuegu, polita iruditzen zitzaigulako folk edo musika herrikoa lehengaia bezala hartzen dugunok nola egiten dugun lan azaltzea

Espero dugu gustatu izana!