2012-01-05

Kherauren Musikola / Kantak eginez: All Iron (I)

Abesti honen zergaitia.

Sufrimenduz,  haien eta geure eskubideak lortu zituzten Trianoko meatzariek, burdina bezala gorri-gorria zen haien odola ematen. Ez dute bakarrik abesti bat merezi, baina geure oroitzapenetan mantentzea eta guretzat lortu zutena guk ez galtzea... Nola dedikatu abesti bat eta nola egin abestia? Hona hemen prozesua, ea interesantea iruditzen zaizkizuen kantaren atarikoak.

Kondaira edo Historia?: All-iron


Meategiaren sarreran, burdin hutsezko harri bat  ei zegoen, baliogarriena jabearentzat, meatzariek ahal zen antzekoen topa bila zezaten. Harriak “All Iron” (“Dena burdina”) inskripzioak zeraman, ingelesak zirelako jabeak. Noski, meatzariek ez zekiten ingelesez eta, sariduna zen burni hutsezko mea topatzean “alirón” ohikatzen zuten antza. Oihu hau, footbal-eko “alirón alirón que el Athletic es campeón” bihurtu zen, nahiz eta datu zehatzik ez egon istorio hau baieztatzeko. Hala ere, polita iruditu zitzaigun abestiari titulua emateko: All Iron, meatzarien balada.

Abestiaren historia eta testuingurua. Trianoko meatzariak.

Triano eta Galdameseko mendiak Bizkaiko ipar- mendebaldean daude, Ezkerraldeko Galdames, Muskiz, Abanto-Zierbena, Urtuella eta Trapagarango herrietan. Trianoko mendiak ezagunak dira Aintzinarotik, bertan burdin mea ugari eta kalitatezkoa zeudelako, gainera, azal azalean. Horretaz gain, egurraren ugaritasunak (burdinolak funtzionatzeko) eta Nerbioiko Itsasdarraren eta kostaldeko gertutasunak (minerala garraiatzeko) paregabe bihurtu zuten leku hau burdingintzarako.




XIX. mendeak, aldaketa asko ekarri zituen burdina ustiatzean. Betiko ustiatze komunalak desagertu ziren pribatizazioak zirela kausa, eta horiekin batera, ustiatzeko teknika modernoagoak (Bessemer bihurgailua) eta esplotazio intentsiboa beti etekin handiagoak atera nahian. Meatzen ekoizpena biderkatu zen denbora laburrean eta langileak behar ziren, leku pobreetatik etortzen zirenak lan bila, eta askotan arrazakeria edota bazterkeria pairatu zituztenak.


Legedia aldatu zen “garai modernoen” erritmoa jarraitzeko, eta langileen baldintzak gogortu ziren krudelak eta jasangaitzak izan arte. Are gehiago, legedi berriak atzerritako jabeen eskutan (ingelesak) utzi zituen meategiak; noski, “atzerritar” hauek ez zuten bazterkeria jasan. Dirua beti diru. Hala eta guztiz ere, meategien jabeak ez ziren guztiak atzerritarrak, bertokoak baita.


Meatzariek (barrenadoreak edo harri-zulatzaileak, harriak zulatzen zituztenak gero lehergailuak sartzeko, peoiak, arrokak lehertu eta gero zatitzen zituztenak burdin bila eta pintxeak eta laguntzaileak, askotan umeak zirenak) , arriskuaz eta lan nekezaz gain, lan eta bizi baldintza ia hilgarriak pairatu behar izan zituzten, ia esklaboak bezala.



Jardunaldiak askotan 12 ordukoak baino luzeagoak ziren, gaixorik zeudenean edo askotan gertatzen ziren lan istripuengatik ez zegoen soldatarik, egun bakoitzako lanagatik kobratzen baitute (hila amaitzen zenean) eta gaixotasunak eta epidemiak ugari ziren. Hainbeste langile bizitzeko lekurik ez zegoenez, barrakoiak egin ziren eta ohe bero” sistema jarraitzen zen: meatzari bat altxatzen zenean lan egiteko besteak bere ohea hartzen zuen. Tuberkulosia, neumonia eta beste gaitzak arin hedatzen ziren barrakoietan. Normala zen etxe askotan familia bat edo bi baino gehiago bizitzea, bakoitza gela batean. Askotan familia osoak lan egiten zuen meategian: gizonak meatzariak bezala, umeak pintxe gisan eta emakumeak minerala garbitzen, eta halere nekez bizirauten zuten soldata eskas horiekin. Bizi itxaropena 20 urtekoa zen.


Haien egoera latza,  are okertzeko, jabeek asmatu zituzten pertsona hauek “esplotatzeko” beste metodo batzuk (ikusten dugunez ez zen bakarrik burdina esplotatzen edo ustiatzen zena). Diruarekin ordaindu ostean, bale” batzuekin ordaintzen zitzaien. “Bale” horiek meategiaren “kantinan” (meategiako jabearen derrigorrezko denda) bakarrik zuten balio, eta beraz hor bakarrik erosi zitzaketen  janaria (askotan ustelduta) edo behar-beharrezkoak zituzten produktuak. Noski, jabeak kontrolatzen zituen meatzarien soldata eta baita saldu behar zitzaizkien produktuen prezioak, hauek igotzen bere langileen “produktibitatea” bultzatzeko, eta ganera, ordaintzen zien dirua bereskuratzeko. Negozio borobila langileen bizkar.

Hortaz, ez da bitxia meatzariak hainbatetan matxinatzea bizi eta lan baldintza duinen bila. Askotan Armada bidali zen matxinada hauek erreprimitzera eta behin baino gehiagotan, aitzitik, langileen borroka zapaltzera etortzen ziren jeneralek bizi-baldintza penagarriak ikusten zituztenean, beharginen eta ugazaben arteko tartekaritza lana betetzen zuten, hobekuntza jakin batzuk lortzeko. Hau bai hau, haien sasi-morrontza egoeraren erakusgarri.


Hau historia eta... nola kontatu 2 minutu eta pikoko kanta batean mehatzarien istorioa eta matxinada?.... honela...

Gehiago jakin et sakondu nahi baduzue, doan deskargatu dezakezue  eta Eneko Perez Goikoetxeak idatzitako "Burdingintza Triano eta Galdamesko mendietan" (BFA-k argitaratuta). Hortik atera da informazio asko eta sarrera honen argazkiak. Liburu benetan atsegina eta gomendagarria.