Bidaideok: hemen gara ostera ere!
Kezkaturik al zeundeten ia
galdurik genbiltzan? Egia da zenbait
arrazoi direla medio aurtengo uda inoizko lasaien hartzea erabaki genuela ekain
aldera, baina badira aste batzuk gure lubakira berrelkartu ginena eta urrian
Zamudio eta Lutxana bisitatu ditugu. Kontua da, udatik bueltan oporrak elkarri
kontari gintzaizkiolarik, zart: aurtengo abenduan bost urte egiten ditugula
gogoratu genuen!!
Atzera begiratuta, harro egoteko
moduko ibilbidea egin dugula iruditzen zaigu, batez ere, jakinik, bestelako
lanbideetan ematen dugula gure denbora gehiena eta zaila dela gure produktua
eskaintzea rock-aren eta ska-ren inperioaren sasoiotan. Presa barik abiatuko
ginela eman genuen berba eta halaxe egin dugu, bidean, mugarri bi ezarrita: munduan ortozik (2010) eta aukhera (2014).
Arestikoaz gainera, akordura
datozkigu euskal herrietan zein atzerrian hurbildu zaizkigun zale, lagun,
laguntzaile, antolatzaile eta abarrekoak; harreman ugari eta trinkoak josi
baititugu ibilera horretan. Baina hausnartzen hasita, gogoa gure bikotekide,
senide eta gertukoenengan ipini zaigu atoan, ez baita beti erreza izaten
Kherauk eskatzen digun konpromisoa gehien maite ditugunen bizimoduarekin
bateratzea.
Edozelan ere, maitasun adina
motibo badugu gure bosgarren urtebetetzea ospatzeko, eta goian aipatu
zaituztegun guztiok gonbidatu gura zintuzketegu gure urteurren jaira.
Horretarako, talde apala izanik, unibertsoaren epizentroan, Bilboko alde
zaharrean alegia, BilboRock aretoa erreserbatu dugu, eta datorren abenduaren
11n, gaueko 21:00etan emanaldi oso berezia eskainiko dugu, orain aurreratu ezin
dizkizuegun hainbat sorpresekin.
Aretoa erreserbatzeak dakartzan
gastuei aurre egiteko, 5 euroko sarrerak jarri ditugu salgai, eta ahalegindu
gara aukera izan dezazuen on-line erosteko:
http://entradium.com/es/entradas/kherau-bost-urte-bidean , halere, Barakaldoko Hala Dzipo musika Eskolan, Igorreko Zazpi Haizetara dendan eta BilboRock-en bertan ere eros ditzakezue.
http://entradium.com/es/entradas/kherau-bost-urte-bidean , halere, Barakaldoko Hala Dzipo musika Eskolan, Igorreko Zazpi Haizetara dendan eta BilboRock-en bertan ere eros ditzakezue.
Bestela ere, gaurtik aurrera eta
kontzertua bitarte, eskatu diezazkigukezue artezean kheraukideoi eta topatuko
dugu era sarrerak ailegarazteko. Baliteke gainera zenbait herrietan salgai
jartzea, eta hala jakinaraziko dizuegu gure facebook-en.
Zuon hatsa sentitu nahiko genuke berriro, gutxienez
beste bost urtean, mugarri eta guzti, ibiltzen jarrai dezagun: maite
zaituztegu.