Lur planetaren poloek aitzitik, sekula baino indar gehiagorekin dihardute esfera estutzen: paper bako nazioak hil ala biziko atakan nonahi dira; mendean geneukalakoan, naturaren erantzun bortitzek ikaratzen gaituzte beste behin; eta nazioarteko kapitalek agortuak dituzte amalurraren eta gizakion aberastasuna zurgatzeko zainak.
Baina halere, gezurra da. Gezurra da proposamen antisistemikoa dela honako hau. Eta badakigu aurretiaz hala leporatuko digutela askok. Utzi iezaguzu azaltzen lagun. Denok ohartzen gara sistema eta gizakion arteko harremana mendekoa dela. Mendekotsaun orotan, gaixoa bere gaitzaz ohartu baino lehen, “kontrolaren ilusioa” delako trantzizio fasea bizi du, eta gu ari gara oasi hori zabaldu guran, fededun eta ilusiodun oso. Akabera atzeratzea izan liteke eguneroko garaipena, eta egunez egun doaz urte eta mendeak.
Mapak ditugu maite. Edozelakoak. Hori horrela, AUKHERA toki-izenez jositako mapa da. Noski, bidaia honetarako, brujula ere beharrezkoa da, eta gureak, gainerako brujulek bezala, lau puntu kardinal ditu: Adur ibaiaren itsasoratzea, Auñamendiren gailurra, NA-5200 errepideko Acequia eraikina eta Kalera ibaiaren meandroa Polvorin auzoan. Lur planeta borobila dela sinistuta, arestiko puntu kardinal bakoitzak proiektatutako itzalak gurutzatzen diren antipodaraino ailegatu gura genuke.
Joan den 2010. urtean irten ginen mundura ortozik, gure aurrekoek jorratutako hainbat bidetatik. Orduan bertan, ibilera berria asmatzea geneukan helburu nagusi. 2014an ostera, bide estarta berriak topatu nahian, baso trinko, abaro gozo eta aurreikusi ezin genituen lantzarrak deskubritzen gabiltza. Baina horrek ere, mundu merkantil honetan, ezin zuen dohakoa izan.
AUKHERA erditze kolektiboa duzu. Odoltsua, mingorra, luzea. Hesteetatik idatzitako akordeak, ekiaren egusentiari begirako hausnarrak, eta taberna-zulo giroko elkarrizketa-pasarteak. Esku-hartzea behar izan duena eta arrakalak sortu dituena. Alea jaso orduko, entzule, dakizula zornea garbitu diegula gure zauriei, baina orbanak lekuko, ez gara lehengo berberak.
2014/03/13
Euskararen sartaldetik,
KhERAU